Subjects -> SCIENCES: COMPREHENSIVE WORKS (Total: 374 journals)
| A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z | The end of the list has been reached or no journals were found for your choice. |
|
|
- Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean:
berrikuspen sistematikoa Authors: Ismene Rodriguez , Izaro Esain , Iraia Bidaurrazaga-Letona, Miriam Urquiza, Iratxe Duñabeitia Abstract: Endometriosia emakumeetan ematen den gaixotasun ginekologiko kroniko, ohiko, onbera, hanturazkoa eta estrogeno mendekoa da. Gaixotasun honetan funtzionalki aktiboa den ehun endometriala uterotik kanpo eratzen da, horrek hantura kronikoa eragiten du. Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Ikusita askotan gaixotasun honen tratamendurako fisioterapiaren erabilpena enpirikoa dela, berrikuspen sistematiko hau egin nahi izan da endometriosia diagnostikatuta duten emakumeen minaren tratamendurako zein fisioterapia-tratamendu dauden, eta hauek lortutako emaitzak aztertzeko ebidentzia zientifikoaren arabera. Bilaketa bibliografikoa egin zen “Endometriosis”, “Physical Therapy Modalities” eta “Physical Therapy Specialty” terminoekin osasunarekin lotutako 6 datu-baseetan. Bertan, endometriosia diagnostikatuta duten mina tratatzeko fisioterapia metodo edo teknikak erabili zituzten ausazko entsegu klinikoak bilatu ziren, ingelesez edo gaztelaniaz idatziak. Kalitate metodologikoaren balorazioa PEDro eskalaren bidez burutu zen. Azkenean, 7 azterlan aukeratu ziren hauen kalitate metodologikoa egokia edo ona izanik; batek bakarrik kalitate metodologiko eskasa zuen. Guztira 320 parte-hartzaile aztertu zituzten eta aztertutako fisioterapia metodoak, Thiele masajea, TENS-a (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura izan ziren. Azterlan guztiek minaren edo minarekin erlazionatutako sintometan hobekuntzak estatistikoki esanguratsuak aurkitu zituzten. Endometriosiak sortutako min sintomen tratamendurako dauden fisioterapia-tratamenduak ebidentzia zientifikoan oinarrituta Thiele masajea, TENS-a (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira, eta guztiek minaren gutxipena eragin zuten ebidentzia zientifikoaren arabera. PubDate: 2023-09-12 DOI: 10.1387/ekaia.24979
- Argi polarizatu zirkularra igortzen duten molekula kiral adimenduak
Authors: Ainhoa Oliden-Sánchez, Natalia Casado, Edurne Avellanal, Rebeca Sola-Llano, Leire Gartzia-Rivero, Jorge Bañuelos Prieto Abstract: Modu zirkularrean polarizatuta dagoen argia xurgatzeko eta batez ere igortzeko gai diren molekula zein material kiralen garapena egungo gaia da kimikan eta materialen zientzietan. Izan ere, biomolekula ugari kiralak dira eta horien portaera nabarmen aldatzen da enantiomeroaren arabera. Hori dela eta, argi polarizatu horrekin lortzen den sentikortasuna eta bereizmena argi ez-polarizatuarekin lortzen dena baino handiagoa da. Kimika organikoaren inguruan egindako aurrerapenek kromoforo enantiomeriko puruen lorpena ahalbidetzen dute, bai eta horien oinarrizko egitura molekularraren birmoldaketa ere euren ezaugarri fotonikoak hobetzeko asmoz. Segur aski, dikroismo zirkularra eta zirkularki polarizatutako luminiszentzia duten molekula kiral organiko ezagunenak BINOLa eta helizenoa dira. Hala ere, hainbat erronka gainditu behar dira horien portaera optikoa hobetzeko. Adibidez, interesgarria izango litzateke lan egiteko zonalde espektrala ultramoretik ikusgaiko alde gorrira eramatea eta horien ahalmen fluoreszentea handitzea luminiszentzia polarizatuaren distira suspertzeko. Helburu horiek lortzeko BODIPY izeneko koloratzaileak aproposak izan daitezke, horien kimika eta egitura aldakorrari esker eskaera kiroptikoen arabera egitura molekularrean aldaketak egin daitezkeelako. Hain zuzen ere, lan honetan BODIPY kromoforoan oinarrituta garatutako bi estrategia aurkezten dira kiraltasun moldagarria lortzeko; helikoBODIPYak eta BINOL-O-BODIPYak. Hurrengo lerroetan diseinu molekularraren motibazioa eta sistema optikoki aktibo bezala jarduteko dituzten gaitasunak eztabaidatzen dira. PubDate: 2023-07-27 DOI: 10.1387/ekaia.24861
- Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ) eta beren eragina hirietako
isurketa-uren kalitatean Authors: Ainhoa Lekuona Orkaizagirre, Maite Meaurio Arrate, Ainara Gredilla Altonaga, Eneko Madrazo Uribeetxebarria, Maddi Garmendia Antin Abstract: Azkenaldiko ikerketetan Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ) hirietako isurketa-uren bolumena murrizteko eta beren kalitatea hobetzeko tresna gisa aurkezten dira. Funtzioaren arabera lau multzo bereizten dira: jatorria kontrolatzen dutenak, abiadura moteltzen dutenak, biltegiratze-sistemak eta infiltrazio-sistemak. Artikulu honen helburua HDSJ-ek isurketa-uren kalitatean izan dezaketen eragina ebaluatzen duten ikerketen errepaso bibliografikoa egitea izan da. Isurketa-uretako kutsatzaile nagusien artean metal astunak, ongarriak eta konposatu organikoak daude. Konposatu horiek uretan disolbatuta edo partikuletan adsorbatuta egon daitezke eta bi formak murrizteko metodoek dekantazio-etapa eta iragazketa-etapa izaten dituzte, lehenak partikula-fasekoak murrizten ditu eta bigarrenak bi faseetakoak. Bi etapa horiek integratuta dituzten HDSJ-ek emaitza onak eman dituzte. Sistema ohikoenei dagokienez, zoladura iragazkorrek eraginkortasuna erakutsi dute metal astunak eta fosfatoak murrizteko eta bioerretentzio sistemak ere tresna interesgarriak izan daitezke, landaredia-geruzak isurketa-urak xurgatu eta eraldatzen lagun baitezake. Jasangarritasunaren aldeko proiektuen bidez, hainbat HDSJ ezarri dira Gipuzkoan; esaterako, Legazpiko zein Donostiako udalek zoladura iragazkorrak ipini dituzte zenbait aparkalekutan eta sistema horien eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen dute, HDSJ-ak zeharkatu aurreko eta ondorengo ur-laginen kalitatea alderatuz. PubDate: 2023-07-03 DOI: 10.1387/ekaia.24784
- Ekoizpen sistema erdiestentsibopean hazitako Euskal Herriko Mendiko Zaldia
arrazako behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa Authors: Ana Blanco Doval, Luis Javier Rodriguez Barron, Noelia Aldai Elkoro-Iribe Abstract: Hego Euskal Herrian giza kontsumora bideratzen diren ekidoen ustiategi ugari daude, batez ere ekoizpen sistema estentsiboetan oinarritzen direnak. Maneiu sistema honek landa eremuetan eta ingurunearen babesean dituen onurak kontutan izanda, sekula aztertu ez den Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako behor esnearen ekoizpena proposatzen da dibertsifikazio modura. Hortaz, ikerketa honetan produktu honen kalitate nutrizionala aztertu da, konposizio orokorra (gantza, proteina, laktosa eta estraktu lehor ihar totalak) infragorri hurbilaren espektroskopia (NIR) teknikaren bitartez kuantifikatuz. Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako behorren esnean gantz kopuru bereziki baxua aurkitu zen, proteina eta laktosa kopurua beste zaldi arrazen esnean aurkitutakoaren antzekoa zen bitartean. Ustiategi desberdinetako esneen arteko ezberdintasun estatistikoki esanguratsuak aurkitu ziren, larreetan denbora gutxien bazkatu zuten behorren esnea estraktu lehor ihar edukian aberatsena izanik. Bestalde, edoskitzaroak eragin esanguratsua izan zuen gantz, proteina, laktosa eta estraktu lehor ihar kopuruan. Izan ere, edoskitzaroak aurrera egin ahala gantz eta proteina edukiak murriztu eta laktosa edukia handitu egin ziren. Estraktu lehor ihar kopuruak, aldiz, gorabeherak jasan zituen, joera espezifikorik gabe. Beste animalia jatorriko esneekin alderatuta, behor esneak gantz eta proteina eduki urria baina laktosa eduki altua dauzka, giza esnearen antzera. Ikerketa honekin, Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazak kalitate nutrizional altuko esnea eman dezakeela ikusi da. Hortaz, egungo zaldi ekoizpen sistema esnearen ekoizpenarekin dibertsifikatuz gero, bai arraza autoktono honen eta bai Euskal Herriko abeltzaintza estentsiboaren iraunkortasuna babestuko lirateke. PubDate: 2023-06-05 DOI: 10.1387/ekaia.24776
- Proteina matrizelularren inplikazioa gaixotasun neuropsikiatrikoetan,
hevin proteinan zentratuta Authors: Amaia Nuñez-delMoral, Amaia Erdozain, Luis F. Callado Abstract: Proteina matrizelularrak zelulaz kanpoko matrizeko (ZKM) molekulak dira, zeinek, beste ZKMko molekuletatik bereizten dituzten funtzio espezifikoak baitituzte. Adibidez, zelulen funtzioa modulatzen dute eta gaitasun desitsaskorrak dituzte, besteak beste. Azkenengo urteetan hainbat molekulek proteina matrizelularren ezaugarriak betetzen dituztela ikusi izan da eta horien parte-hartzea gaixotasun neuropsikiatrikoetan nabarmenduz joan da. Lan honetan, alde batetik, proteina matrizelularren ezaugarriak eta talde honetako partaide nagusien funtzio garrantzitsuenak azalduko dira. Eta, bestetik, hevin proteina matrizelularraren funtzioetan gehiago sakonduko da, bere inplikazioa gaixotasun neuropsikiatrikoetan aipatuz. PubDate: 2023-05-30 DOI: 10.1387/ekaia.24808
|