Authors:Maria Urrestizala, Jon Azkurreta, Natalia legría, Igor Peñalva Abstract: Gaur egun daukagun energia kontsumo sistemak erabateko aldaketaren beharra du faktore nabariengatik, batez ere suertatzen dituen ingurumen-arazoengatik, baina denboran zeharreko jasangarritasunagatik ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da alternatibak aurkitzea hainbeste erabiltzen diren erregai fosilak ordezkatzeko. Testuinguru horretan, fusio‑energia nuklearra aurkezten da epe ertainera sortuko diren arazo asko konpon ditzakeen aukera teknologiko bezala. Artikuluan zehar, energia-iturri horren ezaugarri garrantzitsuenak azalduko dira, baita teknologiaren oinarri fisikoak ere. Horrez gain, teknologiak denboran zehar izandako garapena, gaur egungo ITER nazioarteko proiektuaren egoera eta horrek bilatzen dituen helburu nagusiak aurkeztuko dira. Azkenik, aurreko puntu guztiak kontuan hartuz, Bilboko Ingeniaritza Eskolan dagoen Fusio Materialen Laborategiaren aurkezpena egingo da, asetzen dituen beharrak azalduz bere eginkizuna ulertzeko asmoz eta instalazio desberdinen deskribapena garatuz. PubDate: 2023-03-20 DOI: 10.1387/ekaia.24381
Authors:Mikel Garitano Telleria, Josu Mirena Igartua Aldamiz Abstract: Lan honetan, Termodinamika Klasikotik haratago doan teoria aurkeztuko dugu: Terrell Hill fisikariak 1960. hamarkadan sortutako eta garatutako Nanotermodinamika. Funtsean, sistema txikien azterketarako nahitaezkoa den tresneria biltzen du, banatze-potentzial deritzon potentzial termodinamikoa dela medio. Hain zuzen, berorrek ahalbidetzen du, besteak beste, banatzearekin lotutako askatasun-gradu berezia abian jartzeaz bat, multzo estatistiko nanokanonikoaren eraikuntza. Adibideen bidez, eskualde nanotermodinamikoan kasuan kasuko tamaina finituko efektuek duten esanguran sakonduko dugu. Horiek horrela, Termodinamika eta Fisika Estatistikoa irakasgaiko ikasleei arras aberasgarria gertatuko zaie, alde batetik, ohiko Termodinamikaren irismenaz ohartzea, eta, bestetik, Nanotermodinamikaren nondik norakoak ulertzea eta barneratzea. Aipatzekoa da ezen urte luzez baztertuta egon bada ere, egun Hill-en teoria baliagarria gertatu zaiela hainbat esparrutako zientzialariei; esate baterako, kimika fisikoan eta biologian. PubDate: 2023-03-20 DOI: 10.1387/ekaia.24252
Authors:Oihana Barrutia Sarasua, Oier Pedrera, Joserra Díez Abstract: Larrialdi klimatikoarekin batera, egungo krisialdi globalaren adierazle kezkagarrienetariko bat biodibertsitatearen galera da. Azken honi aurre egiteko, biodibertsitatearekiko jarrera eta honekin erlazionatutako ezagutza giltzarri dira. Izan ere, nekez kontserbatuko da ezagutzen ez dena. Egungo haur eta gazteek dira, etorkizuneko helduak alegia, larrialdi honen inguruan erabakiak hartu beharko dituztenak. Hala, hauen biodibertsitate ezagutza ikertzea beharrezkoa da hezkuntza estrategia egokiak diseinatzeko. Lan honetan, egungo Hego Euskal Herriko haur eta gazteen (11/12-16/17 urte bitarte) espezie alfabetatze maila diagnostikatzen duten ikerketen emaitzak aztertu dira. Zehazki, ikasleek espezieekiko duten ezagutza zabala (identifikazio eta izendapena) aztertzen duten lanak arakatu dira, azaleko ezagutza hau ezagutza sakonaren iragarle zuzena baita. Lanok iradokitzen dutenez, etorkizuneko belaunaldien bertoko espezieekiko kontzientzia oso eskasa da, eta landareekiko itsutasuna hedatua dago haien artean. Gainera, animalia karismatiko eta etxekotutako landareenganako isuria dute. Animalien artean ugaztunak dira ezagunenak, animalia talde mehatxatuenei (anfibioak esaterako) muzin eginez edo bioaniztasun handikoak (ornogabeak orokorrean) alde batera utziz. Landareen kasuan, loredunen ugaritasun eta erakargarritasuna dela-eta, haiek dituzte batez ere gogoan, gramineoak ahaztuz. Emaitzek agerian uzten dute baita haur eta gazteen bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela. Ondorioz, halabeharrez biodibertsitatearen hezkuntza naturarekin harremanetan eta zientzia praktikak erabiliz irakastearen beharra azaleratu da, irakasleen formakuntza gako izanik bide horretan. PubDate: 2023-02-05 DOI: 10.1387/ekaia.24008