Authors:Maider Zubelzu, Andrea Leivar, Teresa Morera-Herreras, Ane Murueta-Goyena Abstract: Gero eta ebidentzia gehiagok adierazten du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela Parkinson gaixotasunaren garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Jakina da Parkinson gaixotasunaren prebalentzia ia bi aldiz altuagoa dela gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Hala ere, emakumezkoek gaixotasunaren progresio azkarragoa izaten dute. Gainera, azken urteotan egindako ikerketek agerian utzi dute Parkinson gaixotasunaren ondorioz agertzen diren sintoma motorrak eta ez-motorrak maiztasun edota larritasun desberdina dutela sexuaren arabera. Halaber, emakumeek eta gizonezkoek tratamendu farmakologikoen eta kirurgikoen aurrean duten erantzuna ere desberdina dela uste da. Sexu-desberdintasun hauen oinarriak zehatz-mehatz ezagutzen ez badira ere, mekanismo fisiopatologikoak desberdinak direla iradoki da. Berrikuspen honetan Parkinsona duten emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak laburbiltzen dira, besteak beste, ezaugarri klinikoetan, arrisku-faktoreetan, gaixotasunaren fisiopatologian eta tratamenduen erantzunean. Patologiak sexu bakoitzari nola eragiten dion argitzeak pazienteen arreta hobetzea ahalbidetu dezake, gizonen eta emakumeen maneiu terapeutikoa neurrira diseinatuz eta behar ezberdinei erantzuteko programa berritzaileak garatuz. PubDate: 2023-03-01 DOI: 10.1387/ekaia.23974
Authors:Oihana Barrutia Sarasua, Oier Pedrera, Joserra Díez Abstract: Larrialdi klimatikoarekin batera, egungo krisialdi globalaren adierazle kezkagarrienetariko bat biodibertsitatearen galera da. Azken honi aurre egiteko, biodibertsitatearekiko jarrera eta honekin erlazionatutako ezagutza giltzarri dira. Izan ere, nekez kontserbatuko da ezagutzen ez dena. Egungo haur eta gazteek dira, etorkizuneko helduak alegia, larrialdi honen inguruan erabakiak hartu beharko dituztenak. Hala, hauen biodibertsitate ezagutza ikertzea beharrezkoa da hezkuntza estrategia egokiak diseinatzeko. Lan honetan, egungo Hego Euskal Herriko haur eta gazteen (11/12-16/17 urte bitarte) espezie alfabetatze maila diagnostikatzen duten ikerketen emaitzak aztertu dira. Zehazki, ikasleek espezieekiko duten ezagutza zabala (identifikazio eta izendapena) aztertzen duten lanak arakatu dira, azaleko ezagutza hau ezagutza sakonaren iragarle zuzena baita. Lanok iradokitzen dutenez, etorkizuneko belaunaldien bertoko espezieekiko kontzientzia oso eskasa da, eta landareekiko itsutasuna hedatua dago haien artean. Gainera, animalia karismatiko eta etxekotutako landareenganako isuria dute. Animalien artean ugaztunak dira ezagunenak, animalia talde mehatxatuenei (anfibioak esaterako) muzin eginez edo bioaniztasun handikoak (ornogabeak orokorrean) alde batera utziz. Landareen kasuan, loredunen ugaritasun eta erakargarritasuna dela-eta, haiek dituzte batez ere gogoan, gramineoak ahaztuz. Emaitzek agerian uzten dute baita haur eta gazteen bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela. Ondorioz, halabeharrez biodibertsitatearen hezkuntza naturarekin harremanetan eta zientzia praktikak erabiliz irakastearen beharra azaleratu da, irakasleen formakuntza gako izanik bide horretan. PubDate: 2023-02-05 DOI: 10.1387/ekaia.24008
Authors:Garikoitz Azkona Mendoza Abstract: Ingurumen-estimulu batek garuneko neurokimikan aldaketak eragin ditzake, koadro neuropsikiatrikoak eraginez. Ildo horretan, isolamendu sozialak eragindako bakardade-sentimenduek estres kronikoaren egoera eragin dezakete, eta horrek aldaketa neuroendokrinoak eta immunologikoak eragiten ditu. Aldaketa horiek serotonina gutxitzea eragin lezakete, depresioa eraginez. Artikulu honetan, gizarte-isolamenduak eragindako depresioaren neurobiologian izandako aurrerapenak deskribatzen dira. PubDate: 2023-01-17 DOI: 10.1387/ekaia.23996