Authors:Marie Pourquie Abstract: Artikulu honen helburua da fLEX aplikazio eleanitzaren motibapena, egitura, eta funtzionamendua aurkeztea, eta horren oinarrian, hamar haur euskaldunengandik bildutako datuak aztertzea. Ahozko bost probek eta orotara 160 estimuluk osatzen dute fLEX, prozesaketa lexikala zein flexionala, ekoizpena eta ulermenean: gauzak eta ekintzak izendatzea; esaldiak ekoiztea eta ulertzea; kasu eta posposizio sintagmak ekoiztea. Aurreikusten zen proba hauek egiteko zailtasunik ez agertzea bost urtetik gorako haurrentzat. 5-10 adin tarteko hamar haur euskaldunek parte hartu dute ikerketan. Emaitzek erakusten dute esaldiak ekoiztea dela emaitza ahulenak dakartzan proba, “ditu” eta “die” aditz laguntzaileak ekoizteko emaitza apalak direla forma horiek ulertzeko arazo handirik ez den arren; ergatiboa, destinatiboa eta lekuzko genitiboa ekoizteko, beste kasu eta posposzioak ekoizteko baino huts gehiago agertzen dira. Datuen kantitatezko eta kalitatezko deskribapena egiten da, prozesaketa flexionalean eta lexikalean puntu ahulak erakutsiz. Psikohizkuntzalaritzaren ikuspegitik korpus baliagarri bat eskaintzeaz gain, artikulu honek euskaraz hizkuntza aztertzeko tresnen garapenaren beharra azpimarratzen du. PubDate: 2019-02-25
Authors:Eider Aldalur, Jose Ramon Sarasua, Aitor Larrañaga, Jone Muñoz Abstract: Azken aldian, biobateragarriak diren eta zelulen itsaspen selektiboa baimentzen duten gainazalak oso desiragarriak dira biomedikuntzako zenbait aplikazio ezberdinetarako. Bide honetatik, material biobateragarrietan honelako gainazalak lortzeko posible da mikrotxantiloiak (maila mikrometrikoan eginiko gainazaleko formak) erabiltzea, hauek substratu konkretu baten gainean zelulen hazkunde kontrolatua eta bideratua baimendu ditzaketelarik. Hala, mikrotxantiloien bidez, azalera oso konkretuetan zelulentzat ingurune egokiak defini daitezke eta hauen aplikazio dira, esaterako, biosentsoreak, ehun-ingeniaritzarako in vitro eginiko kultibo zelularrak edo inplanteen gainazal egokiak sortzea. Gainera, mikrotxantiloiak sortzeko zenbait teknika ezberdin daude, bakoitzak dituen abantaila eta desabantailekin. Hain zuzen ere, gure ikerketa lanean teknika guzti hauetatik 3D inpresioa edo fabrikazio gehigarria delakoa erabili da, lortzen diren mikrotxantiloien zehaztasun, errepikakortasun eta egonkortasun egokiagatik. PubDate: 2019-02-15
Authors:Oihana Aristondo, Eneritz Onaindia, Ariane Barreras Abstract: Lan honetan, Espainiako pobrezia energetikoa aztertu da 2008, 2011 eta 2014 urteetarako. Azterketa hau hiru aldagaitan oinarritu da: etxebizitzak tenperatura egokia mantentzeko ahalmena duen, elektrizitate, ur edo/eta gas fakturak ordaintzerako orduan atzerapenak dituen eta etxebizitzaren egoera egokia den (hezetasun, itogin edo leiho puskatu eza). Lehenengoz, estatu mailako etxebizitzen pobrezia energetikoa aztertu da. Ondoren, etxebizitzen hiru sailkapen erabili dira etxebizitza kaltetsuenak identifikatzeko asmoz. Erabilitako sailkapenak hauek dira: urbanizazio maila, etxebizitzetako kide desberdinak eta etxebizitzen errenta totala. Azterketa honen ondorioz, jakin dugu, pobrezia energetikoak 2008tik 2014ra okerrera egin duela. Zehazki, pobrezia energetiko handiena duten taldeak urbanizazio maila baxukoak, umeak dituzten etxebizitzak eta errenta baxukoak direla.
Authors:Maider Soraluze, Haritz Gurruchaga, Laura Saenz del Burgo Abstract: Berrikuspen honetan, gaur egun geroz eta intzidentzia handiagoa duten eta herrialde garatuetako osasun arazo garrantzitsu bilakatu diren hipersentiberatasun arazoen jatorria aztertzen da. Horretarako, hipersentiberatasun arazoen jatorriaren inguruan sortutako hipotesi nagusiak azaltzen dira: "Higiene hipotesia" eta "Mikrobiotaren hipotesia" edo "Old Friends mechanism". Azken urteetan, higiene hipotesia atzean utzi eta mikrobiotaren hipotesia hobestera pasa izana argudiatzeaz gain, higiene neurriek populazio handietako gaixotasun infekziosoen prebentzioan duten garrantzia eta "higiene" kontzeptuaren gainean dagoen gaizki-ulertua argitzen dira. Azkenik, hipersentiberatasun arazoen gainean eragiten duten faktore garrantzitsuenez hitz egiten da, antibiotikoen gehiegizko erabilera eta dieta desegokitik hasi eta faktore genetikoetaraino. Laburbilduz, gizakion modernizazio prozesuak, bizi-ohitura desegokiek eta mediku praktika inbasiboen neurriz kanpoko erabilerak, gizakiokin kontaktuan bizi diren mikroorganismoengan eragin negatiboa izan dutela esan daiteke, hipersentiberatasun arazoen intzidentzia igoz. PubDate: 2019-01-23
Authors:Naiara Romero Anton, Koldobika Martin Eskudero, Luis Alfonso del Portillo Valdés Abstract: Europar Batasunak (EB) energia merkatu aldakor bati aurre egin behar dio, eta ildo horretan “Horizon 2020”argitaratu du, non 2020 urterako ezartzen da (1) kontsumitutako energiaren %20 jatorri berriztagarria izan behar duela, (2) eraginkortasun energetikoa hobetu behar dela energia primarioaren erabilera %20 murrizteko eta bukatzeko (3) berotegi efektuko gasak %20 murriztu behar direla 1990 urteko balioekin konparatuta. Eraginkortasun energetikoa aurrera eramateko “Eraginkortasun Energetiko Plana” eta “Eraginkortasun Energetiko Direktiba 2012/27/EU” definitu dira. Bestetik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko eta emisioak murrizteko “2020 klima eta energia paketea” dago. Hala ere, ikerkuntza eta garapen teknologikoak ezinbestekoak dira, beraz, SET-planaren jarduerak aztertuko dira. Horrez gain, eraginkortasun energetikoa industrian dituen aukerak aztertuko dira eta adibide moduan, SPIRE-k bultzatutako proiektuak deskribatu dira. Bukatzeko, EB 2030 eta 2050 urteetarako proposatutako helburuak aztertu dira. PubDate: 2019-01-14